ETAren aurka, ETAren bandoan
Urria 24, 2011 § 0 erantzun
Ez nuen sekula pentsatu ETAren jardun armaturik gabeko eszenatokian horrela sentituko nintzenik. Ez nuen sekula pentsatu ETAri hainbeste aldiz eskatutako bide armatuen alboratzea horrela etorriko zela, besterik gabe. Ez nuen inoiz aurreikusi mikatza izango zela amaiera. Eta ez dakit zergatik izan den hala.
Publikoki esana dut behin baino gehiagotan nik ezagutu dudan ETAren jarduna burugabea iruditu zaidala. Kontzientzia nuenetik jaitsi nintzen ni Martxelo Otamendik aipatzen duen trenetik. Tokatu zitzaidan lehen geltokian. Baina hala eta guztiz ere ez nuen ezer ospatzeko gogorik sentitu, ez nintzen poztu, amorratu baizik. Eta ziur nago nire lagun eta ezagun askok ez duela entendituko egunotan barrenetik irtetzen zaidan amorrua. Denbora asko igaro dut, haserre honen zergatiak zeintzuk diren ulertu nahian. Ezin nuen beroan idatzi zutabe hau, hotz bainengoen.
Kontu askok mikazten naute. Arrazoietako bat sufrimendua da. Hurbiletik jasan dudana beste askok bezala. Jende askok egiten dituen galderak datozkit burura: Hainbeste hildako zertarako? Hainbeste sufrikario eta gorroto? Ezer lortu ez eta bide politikoetatik hasteko? Madarikatuoi arrazoi emateko? Berandu izanik ere, ongietorria erabakia. Bestetik, espainiarren harrokeriak eta lezio eman nahiak mintzen nau. “Haien proiektu totalitarioa inposatu nahi digute”, diote batzuek, “ETAri ez zaio prezio politikorik ordaindu behar”, besteek. “Ez daude bi bando”, esaten dute, “hemen hiltzaile burugabe batzuk daude soilik”, “Ez dago gatazkarik” eta abar. Guzti honek mikazten nau.
Urte batzuk badaramazkit bozkatzen eta nire proiektu eta ideiak hitzaren bitartez defendatu nahian. Balio izan dit gauza batzuetaz ohartzeko: Herri honetan inposatzaile deitzen gaituztenak dira espainol izatera behartzen gaituztenak. Herri honetan “demokratak” dira erabakitze eskubidearen aurka daudenak eta alderdi politikoak ilegalizatzen dituztenak. Herri honetan pazifistak dira Espainiako Armadaren presentzia bedeinkatzen dutenak; adierazpen askatasunaren aldekoak dira egunkariak ixten dituztenak; giza eskubideen aldekoak tortura poliziala ahalbidetzen dutenak… Ni ETAren bide armatuaren aurka egon naiz beti, eta ETAren bandoan. Hori ez da erraza. Eta hor jarraitzen dut, esperantzaren bila beti.
Hona hemen Juan Luis Zabalak Berrian publikatu zuen olerkia. (Hemenoriginala 2009-08-16 )
ETA, ETA eta ETA
Ez dakit zehazki noiztik
naizen ETAkoa,
ez dakit zehazki noiztik
nagoen ETAren aurka.
Baina ETAkoa naiz
eta ETAren aurka nago.
Ez dakit zehazki zergatik
naizen ETAkoa,
ez dakit zehazki zergatik
nagoen ETAren aurka.
Baina ETAkoa naiz
eta ETAren aurka nago.
Ez dakit zehazki noiz arte
izango naizen ETAkoa,
ez dakit zehazki noiz arte
egongo naizen ETAren aurka.
Baina ETAkoa naiz
eta ETAren aurka nago.
Ez dakit zehazki zertarako
naizen ETAkoa,
ez dakit zehazki zertarako
nagoen ETAren aurka.
Baina ETAkoa naiz
eta ETAren aurka nago.
Ez dakit zehazki zer den
ETAkoa izatea,
ez dakit zehazki zer den
ETAren aurka egotea.
Baina ETAkoa naiz
eta ETAren aurka nago.
Ez dut ETAkoa
izateko batere gogorik,
ez dut ETAren aurka
egoteko batere gogorik.
Baina ETAkoa naiz
eta ETAren aurka nago.
No comments:
Post a Comment