Elgeako auzune batetik gorantz abiatu gara. Lehendabizi pinu baso zabal batean barrena igo gara azkenik ote bajua topatu dugun arte. Hortik aurrera, haizea izan dugu gure ibilbidearen lekuko nagusi. Batzuetan adiskide, besteetan etsai, errespetu eta begirunez tratatu beharreko bidelaguna izan da. Gizakiak asmatu du honi probetxu ateratzen eta haize errota makina bat jarri ditu bertan, desertu batean aldatutako zuhaitzak baliran. Ondoren, Mugarriluzetik Aumategirako bidea tarteko tontor batzuk zapalduaz josi dugu, Bizkarlatz, Degurixa... Eta otartekoa Degurixako kanpa zoragarrian jan dugu, hemen ere haizea lagun, arrokarte batean babestuak. Bertako lurretan euskal mitologiako izakiak ibiliko zirenik ezin da duda egin, halako izakien duin den belardi eder eta basote urrunez josia baitago Degurixa. Bueltan, berriz ere Elgeara egin dugu Aumategin barrena, haize errotak haizearekin burrukan ikaragarriko burrunbak ateratzen zituztela.
No comments:
Post a Comment